Balioetan oinarritutako hezkuntza Espainiako irakaskuntza-sistemaren oinarrietako bat da, eta irakasgai jakin batzuei buruzko ezagutza eskuratzetik edo trebetasun jakin batzuk garatzetik harago joatea du xede. Ikasleak behar bezala prestatzea da helburua, oinarri moral eta zibiko sendoko herritar arduratsuak izan daitezen, askatasun pertsonala, erantzukizuna, iraunkortasuna, tolerantzia eta justiziarekiko errespetua bultzatzeko. Labur esanda, balioetan oinarritutako hezkuntzaren helburua da herritar demokratikoak eta, orobat, ezagutzaren gizartearen etengabeko aldaketara egokitzeko gaitasuna eta jarrera kritikoa izango duten herritarrak prestatzea.
Testuinguru horretan, digitalizazio-prozesu geldiezin eta zorabiagarri hau dela eta, ikasleek, alfabetatze digitaleko prozesuaren parte diren neurrian, jabetza intelektualarekiko errespetua sustatzen duten balioak landu behar dituzte, kulturaren jasangarritasunaren oinarri gisa. Jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legedia eta sortzaileen eskubideak errespetatzeak ezinbesteko osagai izan behar du gaitasun digitalean, bai eta ekonomian eta gizarte-bizitzan balio demokratikoen arabera parte hartzeko gai izango diren herritarrak prestatzea helburu duen balio-hezkuntza horretan ere.
Gaitasun digital horren barruan, hezkuntzak helburu hauek izan behar ditu: ikasleek mundu digitaleko eskubideak, betebeharrak eta arriskuak ezagutzea; eremu horretako hizkuntza espezifikoa, iturriak eta aplikazio informatiko nagusiak erabiltzen jakitea; informazioa bilatzen, lortzen eta tratatzen eta modu kritikoan eta sistematikoan erabiltzen jakitea; edukiak sortzea eta komunikaziorako baliabide teknologikoak erabiltzea. Baina, gaitasun horiekin batera, beste balio batzuk ere landu behar dira, hala nola informazioaren aurrean jarrera kritikoa izatea, ikaskuntzarekiko jakin-mina eta motibazioa izatea eta, batez ere, teknologiak eta informazioa erabiltzean legedia eta printzipio etikoak errespetatzea.
Gaitasun digital horien guztien garapena lantzeko, CEDROk Egile Eskubidearen Eskola sortu du, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen dituen hezkuntza-digitalizazioa sustatzeko eta garatzeko hezkuntza-baliabideak eskaintzen dituen atari bat. Ekimenak Europar Batasuneko Next Generation funtsen eta Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza du, eta CEDROren zeregina oinarri: egile-eskubideak babestea, lanen legezko erabilera zaintzea, eta egileei eta editoreei laguntzeko ekimenak bultzatzea, sorkuntzaren eta kultura idatziaren jasangarritasuna eta garapena bermatze aldera.
Proiektu honen helburua kalitatezko hezkuntza arautu digital bat lortzea da, ikasle-irakasleen gaitasun digitaletan jabetza intelektuala errespetatuz kulturaren jasangarritasunari lagunduko diona, eta hezkuntza-komunitate osoan ―Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak; Erdi Mailako Zikloak; unibertsitateko ikasleak; eta irakasleak, zuzendaritza-taldeak eta ikastetxeak― funtsezko balio hori sustatuko duena.