logo EDA
Navbar
  • Aula
  • Campus
  • Elkarrizketa digitalak
  • Es de Libro
  • Taller
  • Beste zenbait baliabide
    • #EDAerronka
    • Jabetza intelektualari buruzko gidak 
    • Web mintegiak
imagen-blog
  1. hasiera
  2. Blog
  3. Artikulu

Blog

Zer dira konpetentzia digitalak?

29/04/2024

2018ko maiatzean, Europar Batasuneko Kontseiluak gomendio bat eman zuen argitara, herritarrek errealizazio pertsonalerako, bizimodu osasungarri eta iraunkorrerako, herritartasun aktiborako, gizarteratzeko eta enplegagarritasunerako eskuratu beharreko funtsezko 8 konpetentziekin. Gomendio hori oinarrizko tresna da hezkuntzaren eta prestakuntzaren ekosistemaren parte diren ororentzat, ikuspegi komuna ematen baitu estatu kideetan bi arlo horietan jomuga izan behar duten konpetentzia-helburuei buruz, herritarrak gure gizartearen gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatzeari begira, betiere.

Hain zuzen ere, EBko Kontseiluak identifikatutako funtsezko 8 konpetentzia horien artean daude konpetentzia digitalak, konpetentzia horiek honela ulertuta: «ikaskuntzarako, lanerako eta gizartean parte hartzeko teknologia digitalen erabilera seguru, kritiko eta arduratsua eta haiekiko konpromisoa» bultzatzen duten ezagutzen, trebetasunen eta jarreren konbinazioa.

Noiz pentsa daiteke pertsonak konpetentzia digital horiek eskuratu dituela? 

Europan, Joint Research Centre erakundeak sustatzen duen DigComp proiektuak markatzen ditu konpetentzia digitalen arloko mugarriak, eta 5 arlo handi finkatu ditu, konpetentzia digitalen jabe diren herritarren ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak kokatzeko. Honako hauek dira arlo horiek:

1. Informazioa eta datuak erabiltzeko alfabetatzea. Teknologia berriei esker sortutako informazio-bolumen izugarriak direla-eta, ezinbestekoa da herritarrek gaitasuna hartzea informazio digital hori guztia identifikatzeko, aurkitzeko, berreskuratzeko, biltegiratzeko, antolatzeko eta aztertzeko, bai eta espiritu kritikoa garatzea ere informazio horren helburua eta garrantzia ebaluatzeko.

2. Komunikazioa eta lankidetza. Funtsezkoa da herritarrak gai izatea teknologia digitalen bidez elkarreragiteko, datu, informazio eta edukiak beste pertsona batzuekin partekatzeko eta bitartekari modura aritzeko. Horretarako, beharrezkoak dira jabetza intelektualaren eta erreferentziatzearen gaineko jakintzak. Modu horretan lortuko da errespetuz eta gure herrian kultura eta sortzaileen aitortza sustatuko dituen babes baten bermearekin partekatu ahal izatea egileen obrak.  

3. Eduki digitalen sorkuntza da herritarrek beren konpetentzia digitalak garatzeko beste arlo giltzarrietako bat. Gaitasuna hartu behar dute eduki berriak sortzeko eta editatzeko; aurretiko informazioa eraldatzeko eta integratzeko, informazioa eta intereseko eduki berriak sortzeko eta, ingurune horretan, ulertzeko nola aplikatzen diren egile-eskubideak eta datuen, informazioaren eta eduki digitalen lizentziak.

4. Segurtasuna ere oinarrizko arloa da, ez babes pertsonalari, datuen babesari eta nortasun digitalaren babesari dagokionez soilik, baita teknologien erabilera seguru eta jasangarriari dagokionez ere, osasuna eta ingurumena babesteari begira. 

5. Herritarrek gai izan behar dute, halaber, digitalizazioak eta teknologia berrien erabilerak dakartzaten arazoei irtenbideak bilatzeko. Horrek atxikita dakar behar eta helburu bakoitzari hobekien egokitzen zaizkion tresna digitalak hautatzeko erabakiak hartzen jakitea; arazo teknikoak baliabide digitalen bidez ebaztea, eta norberaren konpetentzia digitalaren zer alderdi hobetu edo eguneratu behar den ulertzea, baita besteei konpetentzia digitala garatzen laguntzeko gaitasuna izatea ere.

Azken batean, pertsonek ulertu behar dute nola lagun dezaketen teknologia berriek berritzen, komunikatzen eta sortzen; eta, aldi berean, ezagutu behar dituzte teknologia horiek erabiltzeak dakartzan arriskuak; gai izan behar dute teknologia horiek eskura jartzen dieten informazioa eskuratzeko, aztertzeko, hautatzeko eta sortzeko, ikuspegi etiko eta seguru batetik eta indarrean dagoen legeria errespetatuz, betiere. 

 


Gaitasun digitalak

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Komunikabideen alfabetizazioa

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Copyright

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Irakurketak

  • Lehen mailakoa
  • Bigarren mailakoa
  • Batxilergoa
  • Unibertsitatea
logo-footer
logo-Ministerio- Educaci
logo-nextgenerationEU
logo-plan-recup-EUSK

2026 © Centro Español de Derechos Reprográficos

  • Mapatzen dugu
  • Lege-oharra
  • Pribatutasun-politika
  • Cookiei buruzko politika