Gure gizarteko gainerako eremuetan bezalaxe, gure ikasgeletan ere errotu dira teknologia digitalak, eta aldatzen ari dira irakasle-ikasleek diziplina eta trebetasun berrien ikaskuntzari aurre egiteko duten modua. Izan ere, orain arte, sekula ez dute eskura eduki ikaskuntza interaktiborako hainbeste tresna, ezta informazioa denbora errealean eskuratzeko sarbidea ere. Hala ere, oraindik eztabaida sortzen du gai honek; esaterako, pantailak ikasgeletan zer neurritan sartu behar diren eta hezkuntzak metodo tradizionalei eutsi behar dien ala teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatu behar dituen.
Arlo akademikoak ezin dio bizkarra eman aurrerabideari, jakina; baina oreka perfektua bilatu behar du teknologiak eskaintzen dizkion tresnei etekin gorena ateratzeko, haren erabilerak atxikita dituen arriskuak ahal beste arinduz. Horretarako, funtsezkoa da metodologia pedagogikoak egokitzea eta ikasleek teknologiaren erabilera kritikoari begirako trebetasunak gara ditzaten sustatzea. Alfabetatze digitalak lehen eta bigarren hezkuntzetako curriculumen parte izan behar du, teknologien erabilera arduratsua haurtzarotik bertatik lantzeko.
Horrek berekin dakar ikasleei informazio-iturriak espiritu kritikoz aztertzen erakustea, fidagarriak zein diren eta zein ez bereizteko; eta orobat eskatzen du online ari garenean pribatutasuna babesten eta edukiak sortzean jabetza intelektuala eta egile-eskubideak errespetatzen ikastea, beste trebetasun batzuez gainera.
Jabetza intelektualaren eta egile-eskubideen arloko hezkuntzari loturik, Europar Batasunaren aburuz funtsezkoa da ikasleei horri buruzko trebakuntza ematea etapa horietan, eta hainbat ekimen abian jarri ditu Estatu kideetako hezkuntza-sistemetan trebakuntza hori txertatzeko. Ideas Powered @ School proiektuak, esaterako, eskola-komunitate osoak jabetza intelektualari buruzko ikaskuntzan parte hartzea bilatzen du. EBren proiektu horren ildotik, CEDROk Egile Eskubideen Eskola sortu zuen, hezkuntza-komunitatearen eskura jartzeko ikasle nahiz irakasleak gai honetan trebatzeko beharrezko baliabideak.
Azken batean, teknologia digitalak ikasgeletan sartzeak era horretako ekimenak antolatzea eskatzen du hezkuntza-komunitatea gai izan dadin esparru digitala bere ikaskuntza-errutinetan txertatzeko, arrisku txikienaz eta eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzeko moduan.
Irudiaren ©: Shutterstock