Plagioa ez da kontu berria, betidanik egon da hor; baina teknologia berrien goraldiarekin, irakasteko eta ebaluatzeko moduaren goitik beherako aldaketa etengabeei aurre egin beharrean dago irakaskuntza. Gaur egun, Adimen Artifizialaren (AA) iraultza aho bikoitzeko arma bihur daiteke: alde batetik, gazteentzat lagungarri izan daiteke, ikasteko tresna osagarri gisa erabilita; baina, bestetik, desinformazioa ekar dezake, baita hezkuntzaren etikari kontra egiten dioten jokabideak sustatu ere. Halakorik gerta ez dadin, komeni da kontuan hartzea AA arlo akademikoan erabiltzeak atxikita dituen zenbait arrisku.
Arrisku nagusietako bat lanen egiletzarena eta originaltasunarena da. AAko programek eskaintzen dituzten emaitzak hitzez hitz kopiatzeak bi ondorio ekar ditzake: emaitza hori ez dago jabetza intelektualeko eskubideen babespean jartzerik, giza sorkuntza ez denez ez delako obra originaltzat hartzen ikuspegi legaletik; gainera, ikastetxearen arau akademikoak urra ditzake, ebaluatuko badira osoki ikasleek eginak izan behar baitute lanek.
Era berean, jabetza intelektualeko eskubideak urra litezke, baldin eta eskubideen titularren baimenik gabe erabilitako obrak baliatzen badira AAko sistema elikatzeko eta, ondorioz, beste erabiltzaile batzuentzako edukia sortzeko. 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean oinarrizko eskubide gisa jasota dago jabetza intelektuala. Hortaz, adimen artifizialari loturik gertatzen ari diren aldaketak aintzat harturik, egile eskubideak babestu beharra dago, herrialde baten eta haren ondare kulturalaren garapenerako funtsezkoak diren heinean.
Ikuspegi akademikotik, labur adierazita, programek sortutako emaitzaren fidagarritasuna eta zehaztasuna dira AA erabiltzeari loturiko arriskuak. AAko ereduak Interneten eskuragarri dagoen informazio kantitate itzelez elikatzen dira, eta informazio horrek barne hartzen du literatura zientifikoa, baina baita gune zaharkituetatik ateratako zehaztasunik gabeko informazioa, blog eta txatetan erabiltzaileek egindako iruzkinak eta are webgune piratak. Gainera, erabiltzaileak ez du beti jakiten nondik aterata dagoen AAko tresnak darabilen informazioa. Hala, zuzeneko ondorioa da haiek sortzen dituzten erantzun edo edukiek desinformazioa, albiste faltsuak zabaltzea eta alborapenak nabarmentzea ekar dezaketela, zehaztasun- eta gaurkotasun-ezaz gainera, AAko sistemak ez baitira beti denbora errealean elikatzen informazioz. Horrez guztiaz gainera, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen ez dituen sistema bat erabiltzen duen eta sistemak sortutako erantzunak edo edukia kopiatzen dituen ikasleak legez kanpoko edukia zabaltzen lagun lezake.
Hortaz, komeni da:
Jabetza intelektualeko eskubideen errespetua bermatzen duten, edukia nola sortzen duten aditzera ematen duten eta erantzunak zer iturritatik lortzen dituzten aipatzen duten sistemak erabiltzea.
Erantzunetan ageri den informazioa erkatzea eta eduki akademikoak sinplifikatzeko eta ulertzeko erabiltzea.
Artifizialki sortutako edukirik ez ematea norberak sortutakotzat.
Hala, jabetza intelektualari buruzko urraketak saihestuko ditugu, egile-eskubideei dagokien balioa aitortuko diegu eta gizarte kritiko eta gogoetatsua eraikitzen laguntzen jarraituko dugu.
Irudiaren ©: Shutterstock
_________________________________________________________________
Iturriak:
Centro Español de Derechos Reprográficos. (2018ko martxoak 13). El derecho de autor como derecho humano. (El blog de CEDRO). Cedro.org. https://www.cedro.org/blog/articulo/blog.cedro.org/2018/03/01/el-derecho-de-autor-como-derecho-humano
Centro Español de Derechos Reprográficos. (2019ko apirilak 4). La economía creativa y las tecnologías emergentes. (El blog de CEDRO). Cedro.org. https://www.cedro.org/blog/articulo/blog.cedro.org/2019/04/04/la-economia-creativa-y-las-tecnologias-emergentes
RTVE Play. (2025eko apirilak 25). ¿Qué riesgos tiene usar la IA para hacer un trabajo de clase? (Saioa: Creando que es gerundio). RTVE. https://www.rtve.es/play/audios/creando-que-es-gerundio/creando-gerundio-riesgos-tiene-usar-ia-para-hacer-trabajo-clase/16557507/