Hezkuntza-ingurunean, oso ohikoa da irakasleek beren eskoletarako edukiak sortzea, testuliburuetako informazioa osatzeari edo ikasleek barneratutako ezagutzak sendotzeari begira. Irakasle batek aurkezpen bat sortzen duenean, apunteak idazten dituenean edo ariketak asmatzen dituenean, egile-eskubideek babestutako obra sortzen ari da, eta obra horrek ez du erregistratuta egoteko premiarik babes hori edukitzeko. Horrek orobat esan nahi du obra horietako bakoitza irakaslearen sorkuntza-ondarearen parte dela eta irakasleari berari dagokiola erabakitzea nola erabil daitekeen, hirugarrenei uzteko baimena barne dela.
Irakasleek eduki asko eta askotarikoak sortzen dituzte, eta maiz sortu ohi dira horien babesari buruzko zalantzak, horietako zein dauden babestuta eta zein ez.
Zalantza ohikoenetako bat da ahozko eskolak obra babestutzat har daitezkeen ala ez. Erantzuna baiezkoa da: irakasleek sorkuntza-erabakiak hartzen dituzte beren irakasgaiak irakasteko orduan; hain zuzen ere, edukiak, egitura eta azalpena aukeratzen dituzte, era sortzailean. Era berean, PowerPoint aurkezpen bat edo irakasleak prestatutako txosten bat egile-eskubideek babestuta dago, baldin eta originalak badira haren idazketa, diseinua eta edukien aukera. Irakaskuntza-jardueraren grabazioak ere haren erabileraren eta zabalkundearen gaineko eskubideak ematen dizkio haren sortzaileari, betiere grabazio originala bada eta ez badu hirugarrenen materiala soilik erreproduzitzen.
Ohikoa da, halaber, besteren liburu, irudi edo Interneteko bideoen pasarteak barne dituzten eduki propioak erabiltzea. Jabetza intelektualak bereizketa argia egiten du irakasleak sortu duen horren eta beste egile batzuen jabetzakoa den horren artean. Irakasleek ez daukate beren lanetan besteren obrarik txertatzerik horretarako baimenik edo lizentziarik gabe. Hala ere, Jabetza Intelektualaren Legearen (JIL) 32. artikuluak dio zilegi dela pasarte laburrak sartzea irakaskuntzan edo ikerketan, aipu modura, azterketa edo iruzkina egiteko, betiere obra lehendik jendarteratua bada eta erabilitako obraren izena eta egilearen izena aipatuta.
Irakasleek sortu eta ikasleei emandako edo hezkuntza-plataformetan argitaratutako idatzizko edukiak obra babestuak dira. Ikasle batek, beste irakasle batek edo erakunde batek eduki horiek jatorrizko gunetik kanpo erabili nahi izanez gero, egilearen baimena beharko dute. Irakasleak bere materialak partekatzeak ez dizkio haien gaineko eskubideak galarazten.
Ikasleen lanak ere egile-eskubideek babestuta daude. Hori dela-eta, haien egileen baimenik eduki ezean, irakasleek ez daukate lan horiek berrerabiltzerik, adibidez aurkezpen batean txertatzeko edo ikastetxeko intranetean argitaratzeko.
Materialak erregistratzea nahitaezkoa ez den arren, komeni da materialetan eskubideen aipua edo haiek erabiltzeko baimenari buruzko ohar bat eranstea. Hauxe da garrantzizkoena: irakasle bakoitzak jakitea zer aukera dauden eta bere nahiari hobekien egokitzen zaion aukera hautatzea.
Norberaren materialei eta hirugarrenek landutakoei dagozkien egile-eskubideen berri izatea funtsezkoa da hezkuntza-ingurunean. Izan ere, beren jarduera segurtasunez garatzea, sorkuntza babestea eta jabetza intelektualaren errespetuzko kultura sustatzea ahalbidetzen die irakasle eta ikasleei, eta jakintzan oinarrituriko hezkuntza jasangarria eraikitzeko bidea ematen du.
Zure hezkuntza-materialak babesteari buruzko informazio gehiagorako: Escuela del Derechos de Autor (EDA).