Ikasleek edukiak lantzea funtsezko osagaia izaten da ikaskuntza-prozesuan. Hala, ohikoa da ikasleek idazlanak, aurkezpenak eta bestelako edukiak prestatzea, multimedia materialak barne. Hori dela-eta, garrantzizkoa da egile-eskubideei buruzko prestakuntza sendoa izatea, eduki horiek lantzeko mota desberdinetako informazio-iturriak erabiltzen baitira. Garrantzizkoa da, halaber, jakitea lan horiek guztiak egile-eskubideek babestuta daudela sorreratik beretik, baldin eta originalak badira.
Egile-eskubideak ikasleen lanei nola aplikatzen zaizkien ulertzeak eta gai horri buruzko zalantzak argitzeak aukera emango digu hezkuntza-ingurunean segurtasun juridikoaren arabera jarduteko; gainera, ikasleek jabetza intelektualari buruz jaso beharreko hezkuntzaren parte da.
Bai. Ikasleen lanak egile-eskubideek babestuta daude, baldin eta originalak badira. Obra guztiak daude eskubide horien babespean, edonolako kalitatea dutela ere, sorkuntza-erabaki propioen emaitza baldin badira. Horrek barne hartzen ditu idazlan soil bat nahiz eskolako proiektu zabalagoak, baita bideoak, argazkiak edo aurkezpen digitalak ere. Lana sortzen duen ikasleari dagokio beti haren egiletza.
Askotan sortu ohi da zalantza ikasleen eduki baten sorkuntza gidatzeak edo gainbegiratzeak irakasleari inolako egile-eskubiderik bereganatzea dakarkion. Hobekuntzak iradokitzeak edo tutorizazioak, ordea, ez du irakaslea bihurtzen ikasleek sortutako lanaren egilekide. Irakasleak edukia lantzen modu sortzailean, zuzenean eta originalean parte hartzen badu soilik beregana lezake egile-eskubidea, berak sortutako atalaren gainekoa.
Irakasleen jardunean, ohiko baliabidea da ikasleen lanak erabiltzea adibide modura edo material didaktiko modura. Hala ere, argitu beharra dago erabilera guztiek ez dutela behar aldez aurretiko baimenik.
Erabilera hezkuntza-jardueraren barruan egiten denean –adibidez ikasgelan edo ebaluazio-lanetan–, Jabetza Intelektualaren Legeak aurreikusten duen hezkuntza-xedeetarako ilustrazioaren legezko muga aplika daiteke, baldin eta erabilera hori irakaskuntza-xedeak justifikatuta badago, helburu komertzialik ez badu eta egiletza eta iturria aipatzen badira.
Aldiz, lana testuinguru horretatik kanpo zabalduko bada –adibidez, ikastetxeko webgunean, gizarte-sareetan, argitalpen instituzionaletan edo sustapen-materialetan–, beharrezkoa da egilearen baimena. Adingabeen kasuan, haien legezko ordezkariek eman beharko dute baimena, eta komeni da berariazkoa eta egin nahi den erabilera zehatzari buruzkoa izatea.
Ohiko galdera izaten da, era berean, ikastetxeak edo irakasleek ikasleen lanak argitaratu ditzaketen ikastetxearen webgunean, blog batean edo gizarte-sareetan. Lanak argitaratzeko, ezinbestekoa da egileak, edo haren legezko ordezkariek, aldez aurretik horretarako baimena ematea.
Lanaren egileari dagokio, ez beste inori, lana argitaratzearen gaineko erabakia. Orobat erabaki dezake berak sortutako lana bere izenean, ezizen batekin edo modu anonimoan argitaratzea nahi duen, eta hirugarrenei baimena ematen dien ala ez hura berrerabiltzeko. Ikastetxea edo irakaslea bada lan hori argitaratu nahi duena, berariazko baimena eskatu beharko dio egileari aldez aurretik.
Jabetza intelektuala hezkuntza-jardueran txertatzea ez da lege-kontua soilik, orobat da tresna aproposa herritar kritikoak, arduratsuak eta kultura idatziarekin begirunetsuak trebatzeko.
Ikasgelan egile-eskubideei buruz kontuan hartu beharreko alderdiei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, Egile Eskubideen Eskolak (EEE) baliabide, artikulu eta material praktikoak jartzen ditu irakasleen eta ikastetxeen eskura; material horien laguntzaz, zure zalantzak argitu ahal izango dituzu, baita hezkuntza-eremura aplikatutako jabetza intelektualaren arloko prestakuntza hobetu ere.
© Irudi: Motizova.