logo EDA
Navbar
  • Aula
  • Campus
  • Elkarrizketa digitalak
  • Es de Libro
  • Taller
  • Beste zenbait baliabide
    • #EDAerronka
    • Jabetza intelektualari buruzko gidak 
    • Web mintegiak
imagen-blog
  1. hasiera
  2. Blog
  3. Artikulu

Blog

Egile-eskubideek nola babesten duten irakurtzen ditugun liburuen etorkizuna

03/07/2026
Equipo EDA

Irakurketa eta bizitako esperientziak dira gure ezagutzaren oinarria. Liburuen bidez, geure burua trebatzen dugu, baina baita beste batzuek sortutako kontakizunak geureganatzen eta, haiei esker, gure kultur jakintza aberasten ere. Azken finean, irakurtzen duguna gara.  

Hala ere, gutxitan pentsatzen dugu zer bidetatik iristen zaizkigun liburuak eskuetara, edo nortzuk dauden haien atzean. Egile baten sorkuntza-ahalegin handi baten emaitza dira liburuak; eta egile horrek, bestalde, sortzen jarraitzeko aukera bermatzen dion ekosistema aberats bat du babesgarri: egile-eskubideak, alegia.  

Egile-eskubideei esker irauten dute bizirik literaturak, ezagutzak eta kultura idatziak. Egile-eskubiderik gabe ez legoke bidezko ordainsaririk sortzaileentzat. Horregatik, funtsezkoa da gizarteak ulertzea errespetatu egin behar direla.  

Jabetza intelektuala, kulturaren eta hezkuntzaren iraunkortasunaren zutabe 

Jabetza intelektualak premisa hau du abiapuntu: obra baten sortzaileak eskubidea du bere egiletzaren aitortza jasotzeko eta bere sormen-lana nola erabili erabakitzeko. Kultura idatziari dagokionez, idazlearen eta haren testuaren arteko lotura hori ez da galtzen lana argitaratu ostean, erabilitako euskarria edozein dela ere; aitzitik, Jabetza Intelektualaren Legeak babestuta jarraitzen du.  

 

Babes horrek obren bigarren mailako erabilerari ere eragiten dio; hau da, obrak berrerabiltzen direnean edo aurkezpenetarako, bestelako lanetarako, aipuetarako eta antzekoetarako pasarteak ateratzen direnean egiten den erabilerari. Babes horri esker da jasangarria kultura; izan ere, horrelakorik gabe sortzaileek ez lukete sortzen jarraitzeko pizgarririk izango. 

Orri bakoitzaren atzean dagoen balio ikusezina: egilearen ahalegina eta lana 

Obra idatzi bakoitzak sarritan ikusezina den lan eskerga dakar berekin. Orrialde bakoitzaren atzean hilabeteetako –batzuetan, urteetako– lana dago, egileak dokumentatzen, idazten eta berridazten emandakoa; eta, harekin batera, editore, zuzentzaile, diseinatzaile, itzultzaile eta liburu-saltzaileez osatutako lantalde batek parte hartzen du sormen-lana irakurlearen eskuetara iritsi dadin. 

Egile-eskubideen bidez aitortzen da balio ikusezin hori. Horretarako, bi bide daude, ondo bereizi beharrekoak, errealitate desberdinak babesten dituztelako: eskubide moralak eta ustiapen-eskubideak. 

«Jabetza intelektualak premisa hau du abiapuntu: obra baten sortzaileak eskubidea du bere egiletzaren aitortza jasotzeko eta bere sormen-lana nola erabili erabakitzeko».

 

Eskubide moralak: idazlearen eta haren lanaren arteko lotura utziezina 

Eskubide moralen xedea da egilea babestea, haren nortasunaren emaitza gisa aitortuz obra bera, hark egindako lana ez ezik. Eskubide moral horiei esker, egileak berak erabakitzen du bere obra argitara eman ala ez, eta bere izenpean edo ezizen batez plazaratuko den; era berean, obraren egiletza beti aitortuko zaiola bermatzen dute.  

Eskubide moralak utziezinak eta besterenezinak dira; hau da, egileak ezin ditu ez saldu, ez laga, hala nahi izanda ere. Era berean, eskubide horiek preskribaezinak dira. Horrek esan nahi du betirako direla testuaren egiletza nahiz obraren osotasuna mantentzeko eskubidea –hura aldatzea edo desitxuratzea eragozten duena–. Horrek bermatzen du edozein obrak bere egilearen izena eramaten jarraituko duela, obra argitara eman, itzuli edo egokitu eta askoz geroago ere. 

Ustiapen-eskubideak: argitalpen-sektoreari eusten dion motorra 

Ustiapen-eskubideak –ondare-eskubideak ere deituak– dira obraren bidez etekin ekonomikoa lortzeko bidea ematen dutenak. Eskubide moralak ez bezala, ustiapen-eskubideak laga egin daitezke. Eskubide horiek esklusibotasuna ematen diote egileari bere obra erabiliko den ala ez eta zer modutan erabiliko den erabakitzeko. Eskubide esklusibo horiek legeak berak ezarritako kasu zehatzetan bakarrik uzten diote baliozkoak izateari, hau da, egile-eskubideen mugen edo salbuespenen bidez. Salbuespen horietako batzuek zuzeneko ordainsaria edo konpentsazioa dakarte egilearentzat eta editorearentzat, legeak zuzenean baimendutako obraren erabileragatik. 

Eskubide horiei esker, idazle bat bere lanetik bizi daiteke, eta argitaletxe batek bere gain har dezake obra bat argitaratzeko, banatzeko eta ezagutzera emateko arriskua. 

Espainian, oro har, egilea bizi den artean eta hura hil eta hirurogeita hamar urtera arteko epean irauten dute eskubide horiek; behin denbora hori igarota, jabari publikokoa bihurtzen da obra, eta libreki erabil daiteke.

 

Idatzizko ezagutza Interneten babesteko erronka 

Ingurune digitalaren hedapenak kultura idatzia eskuratzeko aukerak areagotu ditu, baina aldi berean erraztu du testuen erabilera bidegabea, testuak egileei dagokien bidezko ordainsaria eman gabe erabiltzea.  

Horregatik, kultura idatziaren egile-eskubideak babestea da gaur egun, orain inoiz baino gehiago, gure erronka handienetako bat. Pirateriak, plagioak edo obrak baimenik gabe erabiltzeak –orain, baita adimen artifizialeko sistemek ere– arriskuan jartzen dute sortzaileen eta editoreen lanaren bideragarritasuna. 

Arazo honek gizarte osoari eragiten dio. Obra bat baimenik gabe erabiltzen denean, kalte egiten diogu bai egileari –dagokion ordainsaria jaso gabe uzten baitugu–, bai haren aldeko inbertsioa egin zuen editoreari; baina baita herritar guztiei ere, kan jartzen ari garelako kulturaren sektorea, gizartearen aurrerabiderako ezinbestekoa. 

Horregatik daude CEDROren moduko erakundeak –kudeaketa kolektiboko erakundeak–, egile-eskubideak babesteko, obraren erabilera legala zaintzeko, eta egile eta editoreen aldeko ekimenak bultzatzeko.  

Izan zaitez kulturaren etorkizunaren parte: trebatu zeure burua Egile Eskubideen Eskolan

Nolanahi ere, kultura idatzia babesteko erantzukizuna ez dagokie soilik kudeaketa-erakundeei, argitaletxeei edo legelariei; herritar guztion betebeharra da, eta, horregatik, funtsezkoa da egile-eskubideak nola babestu behar diren jakitea.

Horixe da, hain zuzen, Egile Eskubideen Eskolaren xedea. CEDROren hezkuntza-ekimen horrek hainbat baliabide digital eta material didaktiko jartzen ditu gizarte osoaren eskura –ikasle, irakasle, familien eta irakurleen eskura–, doan eta hizkuntza ofizial guztietan. 

Bertako edukiek metodologia berritzaileak baliatzen dituzte –gamifikazioa, esaterako–, eta, prestakuntza amaitutakoan, Egile Eskubideen alorreko Adituaren Ziurtagiria eskuratzeko bidea ematen dute. 

Gaitasun digitalak

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Komunikabideen alfabetizazioa

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Copyright

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Irakurketak

  • Lehen mailakoa
  • Bigarren mailakoa
  • Batxilergoa
  • Unibertsitatea
logo-footer
logo-Ministerio- Educaci
logo-nextgenerationEU
logo-plan-recup-EUSK

2026 © Centro Español de Derechos Reprográficos

  • Mapatzen dugu
  • Lege-oharra
  • Pribatutasun-politika
  • Cookiei buruzko politika