logo EDA
Navbar
  • Aula
  • Campus
  • Elkarrizketa digitalak
  • Es de Libro
  • Taller
  • Beste zenbait baliabide
    • #EDAerronka
    • Jabetza intelektualari buruzko gidak 
    • Web mintegiak
  1. hasiera
  2. Blog
  3. Artikulu
Blog
jabari publikokoa

Idatzizko lan baten ziklo legala: zenbat irauten duten egile-eskubideek Espainian

17/09/2026
Formación en Propiedad Intelectual
Equipo EDA

Urtarrilaren bata egun garrantzitsua da idatzizko kulturaren munduan; izan ere, egun horretan, urtero, idatzizko lan batzuek estatusa aldatzen dute eta jabari publikokoak izatera igarotzen dira. Horrek esan nahi du egun horretatik aurrera egileen edo argitaratzaileen baimenik gabe erreproduzi daitezkeela. 

Idatzizko lanen ziklo legalak nola funtzionatzen duen ulertzea ezinbestekoa da lan horiek fotokopiatu, lan eta tesietarako erabili edota, adibidez, aurkezpen batean baliatu behar ditugunean modu zuzenean jokatzeko. 

Ziklo legal hori arautzen duen erregela sinplea da, baina alderdi batzuk xehetasunez ezagutu behar dira, zehatz-mehatz jakiteko idatzizko lan bat berriz erabiltzeko egilearen baimena behar den ala, aitzitik, jabari publikokoa den eta libreki erreproduzi daitekeen. 

Legeak zergatik ezartzen dio denbora-muga bat babesari? 

Egile-eskubideei denbora-muga jarriz, bi helburu orekatu nahi dira. Alde batetik, egile eta argitaratzaileen bidezko ordainsaria eta, bestetik, kulturarako eskubidea ―Espainiako Konstituzioan jasoa― bermatzea. 

Lanak betiko babestuta egongo balira ―belaunaldiz belaunaldi babestuta, alegia―, Miguel de Cervantesen oinordekoen oinordekoei behin eta berriz eskatu beharko genieke baimena Kixotea argitaratzeko, zinemara zein antzerkira eramateko edo ikasgelan erreproduzitzeko ―bertan landu nahi izanez gero―. 

Kultura horretarako sarbidea bermatze aldera, Legeak hainbat hamarkadako epea aurreikusten du, egoeren arabera; epe horretan, eskubideen ustiapena egileari dagokio, eta, hura hil ondoren, haren oinordekoei. Behin epe hori igarota, obra libreki erabili ahal izango da, hau da, jabari publikokoa da. 

Idatzizko lanen egile-eskubideen legezko epeak 

Jabetza Intelektualaren Legeak egilearen heriotza-datatik aurrera ezartzen du idatzizko lanen ustiapen-eskubideen iraupena, baina epe hori ez da heriotza-datatik bertatik zenbatzen hasten, egilea hil edo lana argitaratu eta hurrengo urteko urtarrilaren batetik aurrera baizik.  

Hori dela eta, urte bakoitzeko lehen egunean lan-multzo handi bat sartzen da jabari publikoan. Oso garrantzitsua da kontuan hartzea, ustiapen-eskubideetarako epe hori egon arren egilearen eskubide moralak iraunkorrak direla. 

Espainiako arau orokorraren arabera, egilearen ondare-eskubideak hura hil eta 70 urtera arte daude indarrean 

Egungo arau orokorra: idazlea hil eta 70 urtera 

Espainiako arau orokorraren arabera, egilearen ondare-eskubideak hura hil eta 70 urtera arte daude indarrean. 

Adibidez, 2024ko ekainean hildako idazle baten lanak 2094ko abenduaren 31 arte egongo dira babestuta, eta 2095eko urtarrilaren 1etik aurrera, baimenik gabe erreproduzitu eta erabili ahal izango dira, baldin eta egiletasunaren aitortza egiten bada eta lanen osotasuna errespetatzen bada. 

Kasu batzuetan, garrantzitsua da araua nola aplikatzen den jakitea. 

  • Lana hainbat egilerena denean: epea azken egilea hiltzen denetik aurrera aplikatzen da. 
  • Lanak anonimoak direnean: epea lana argitaratzen den unetik aurrera aplikatzen da. Epe hori amaitu baino lehen egilea nor den jakiten bada, arau orokorra aplikatuko da. 
  • Lana kolektiboa denean: hau da, lana bere izenpean argitaratzen eta zabaltzen duen pertsona fisiko edo juridiko baten ekimenez sortutakoa bada, 70 urteko babes-epea hura argitaratzen den unetik aurrera aplikatzen da halaber. 

 

Salbuespen historikoa: 80 urteko babes-epea 1987 baino lehen hildako egileentzat 

Espainian, salbuespen historiko bat dago 70 urteko babes-epearen kasuan, joan den mendean idatzitako lan askoren babesa luzatzen duena eta 1987ko abenduaren 7a baino lehen hildako egileen sorkuntza-lanari aplikatzen zaiona. Lan horietarako guztietarako, egilea hiltzen denetik 80 urtera arte luzatzen da epea. Nazioarteko egileei eta lanei ere aplikatzen zaie. 

Adibidez, 1936an hildako Federico García Lorca poetaren La casa de Bernarda Alba eta haren gainontzeko lanak 2017. urtera arte ez ziren jabari publikoan sartu. Arau horren aplikazioaren ondorioz, gauza bitxi bat gertatzen da: Europako egile batzuen lanak jabari publikokoak izatera igarotzen dira beren herrialdeetan, eta Espainian, berriz, lege-salbuespen horren babespean jarraitzen dute. 

Garrantzitsua da salbuespen hori aintzat hartzea eta kontuan izatea erreferentzia-araua lana erabiliko den lurraldearena dela beti. 

Lan bat jabari publikokoa izatera igarotzen denean, edonork erabil dezake, egilearen edo argitaratzailearen baimenik gabe, baldin eta egiletasuna aipatzen bada eta lanaren osotasuna errespetatzen bada 

 

Zer esan nahi duen eta zer dakarren «jabari publikokoa» izateak 

Lan bat jabari publikokoa izatera igarotzen denean, edonork eta askatasun osoz erabil dezake hura, haren egilearen edo haren argitaratzailearen baimenik gabe, baldin eta lanaren egiletasuna eta osotasuna errespetatzen badira. 

Adibidez, ikastetxe batek baimenik eskatu gabe eta ordainsaririk ordaindu beharrik izan gabe erreproduzitu, banatu, antzeztu, itzuli, egokitu, digitalizatu eta argitaratu dezake jabari publikokoa den lan bat. Ikastetxe bateko Literatura sailak libreki prestatu, inprimatu eta ikasleen artean bana dezake Antonio Machadoren antologia bat, adibidez.

Hala ere, horrek ez dio lanaren eta egilearen arteko loturari eragiten, eskubide moralak ez baitira ondare-eskubideekin batera iraungitzen.

Egiletasuna eta osotasuna errespetatzea 

Lan bat jabari publikokoa izateak esan nahi du libreki erreproduzi daitekeela; hala ere, badira iraungitzen ez diren bi betebehar, goraxeago aipatutako egile-eskubide moral horietatik sortuak: 

  • Edozein erabilera publikotan (argitalpena, erreprodukzioa, komunikazio publikoa, egokitzapena, eta abar) argi eta garbi adierazi behar da nor den egilea. Gustavo Adolfo Bécquerren olerki bat egilea aipatu gabe argitaratzea egiletasun-eskubidearen urraketa bat da. 
  • Lanaren osotasuna ere beti errespetatu behar da. Testu bat ikasgelarako egokitu nahi bada, egokitzapena dela adierazi behar da; baina ezingo da inola ere hura desitxuratu edota jatorrizko gisa aurkeztu, horrek lanaren osotasunari eta egilearen ospeari kalte egingo liokeelako. 

Kontuan hartu behar da, halaber, lan klasiko bat erabilera librekoa izan daitekeen arren, haren itzulpena, harekin batera doazen oharrak eta argitalpenaren diseinua babestuta egon daitezkeela oraindik. Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 11. artikuluak dio lan baten itzulpenek, egokitzapenek, berrikuspenek, bildumek eta laburpenek babes propioa dutela, nahiz eta jatorrizko lana dagoeneko jabari publikokoa izan. Babes horrek barne hartzen ditu, halaber, diseinu tipografikoa, maketazioa eta edizioaren konposizioa. 

Beraz, testu bat berriro erabili aurretik, galdera hauek egin behar genizkioke geure buruari: 

  • Zein urtetan hil zen lanaren egilea? Igaro al da lana libreki erabili aurretik igaro beharreko epea? 
  • Kopiatuko dudan testua jatorrizkoa da ala itzulpena da? 
  • Lana bakarrik ari naiz erreproduzitzen, ala baita edizioaren oharrak, hitzaurreak eta aparatu kritikoa ere? 

Egile-eskubidearen epeei eta haiek aplikatzeko moduari buruz gehiago jakin nahi baduzu, CEDROk egile-eskubideei buruzko prestakuntza-baliabideak eskaintzen dizkizu Egile Eskubideen Eskolan.

Gaitasun digitalak

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Komunikabideen alfabetizazioa

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Copyright

  • Ikasleak
  • Irakasleak
  • Eskolak

Liburutegia

  • Lehen mailakoa
  • Bigarren mailakoa
  • Batxilergoa
logo-footer
logo-Ministerio- Educaci
logo-nextgenerationEU
logo-plan-recup-EUSK

2026 © Centro Español de Derechos Reprográficos

  • Mapatzen dugu
  • Lege-oharra
  • Pribatutasun-politika
  • Cookiei buruzko politika
Usamos cookies de análisis (Google Analytics) para mejorar la experiencia. Puedes aceptar o rechazar su uso.